XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKALDUNEN PSIKOLOGIA

Euskaldunen psikologiari buruzko gauza batzuk* oso ezagunak dira gure artean, Euskalduna hitz guttiko gizona dela, edozeinek ba daki.

Mahai ona maite duela ere bai, marinel ona dela, buru gogorra edo egosgaitza dela, indar neurketak gogozko dituela.

Mendi zaletasuna ageriko gauza da Euskal Herrian.

Euskaldunak gogozko omen du kantatzea, eta ondo kantatzen omen du.

Euskaldun bakoitzak ba omen du gizon menturazaleareñ zerbait, atzerri ezezagunetarako bidea hartzeko, edo mendi eta ibar zuloetan zehar kontrabanduan iharduteko.

Ezaguna da ere, euskaldunak jokoa, apostua eta dema maite dituela.

Garai batetako fraideek eta apezek ez zuten hitz gutti alferrik galdu, akats hori euskaldunen bihotz kristauetatik behin betirako kentzeko! Berrikí, berriz, euskaldunaren joko grina hori, akats bezala ez baina bere politikarako beharrezko duen alderdi on bat bezala ikusi eta onhartu beharra dagoela zioen norbaitek!.

Euskaldunen azken mendeetako adierazgarri psikologiko horien ondoan, ba dirudi, beste bi elementu berri sortu direla.

Orain dela zenbait urte, euskal kulturaren kritika egin nahiz, kultura honen akatsetako bat bezala, adoleszentismoa aipatu zuen M. Lasak (Jakin, 34).

Kritika honek bere kritikalariak aurkitu zituen: K. Santamaria eta R. Arregi (Jakin, 35).

Kritikalari hauek ez zuten euskal kulturaren adoleszentismorik ukatzen; baina kritika honen osatzea eskatzen zuten, adoleszentismo horren arrazoiak bilatzea eta kritikalarien eginkizuna argitzea.

Euskal kulturaren adoleszentismoa geroztik ere aztertua izan da (J. Azurmendi), eta ukatzerik ez dagoen gauza dela uste dut.

Adoleszentismo horren arrazoiak zenbateraino arakatuak* eta ikertuak izan diren, bego gaurkoz aztertu gabe.

Euskal kulturaren adoleszentismoa: gauzak absolutizatu nahi gabe ere, gazteen eta gazte taldeen gauza bihurtu da euskal kultura.

Gazteen esan ohi den bezala kontzientzi hartzeak posibilitatu du euskal kulturaren azken urteetako berritze koskorra.

Gazteriak euskal kulturari bere alderdi onak eta bere alderdi txarrak erantsi dizkio.

Izan ere, euskal kulturaren adoleszentismoak ez du kultura gehienbat gazteriaren eskuetan dagoela bakarrik adierazten.

Adoleszentismoak, nire eritziz, euskal kultura eta euskal egoera guztia, maila guztietan, adoleszentzi garaiko adierazgarri psikologikoez josirik dagoela adierazten du.

Eta adierazgarri horietako zenbait ez dira oso pozgarriak, batez ere diren horretan luzarorako finkatzen baldin badira.

Adoleszentziaren adierazgarria da, batetik, nork bere burua destakatu nahia, besterengandik zeharo bereizi bezala aurkeztú beharra.

Bestetik, adoleszenteari berezkoa zaio bere iraganarekiñ hautsi nahia, hautsi beharra, bere haurtzaroko menpetasuna superatu nahia, antiautoritarismoa, gurasoengandik instituzioetara itzultzen dena.